Ikastetxean integratua dagoen eta, egokitzapenekin ere, curriculuma konpartitu ezin duten edo hein txikian konparti dezaketen eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei erantzuteko sortutako gela da.
Gela hauek ondorengo ezaugarriak izaten dituzte :
- Gelak hezitzaile bat edo gehiago ditu.
- Gela bakoitzean 4-5 ikasle egoten dira, arazoaren arabera.
- Curriculumaren egokitzapen nabarmena eskatzen du.
- Curriculuma garatzeko material eta ekipamendu bereziak behar ditu.
- Ohiko ikastetxean integraturiko espazio fisiko propioa du; bertan, hezkuntza-lanaren
zati bat planifikatzen eta gauzatzen da.
- Espazio komunak, ordutegiak, eskola-eguna eta egutegiak eskolak zehaztutakoak dira.
Gela hauetan, autonomia eta komunikazioarako gaitasuna bezalako arloak jorratzeaz gain (beraien jarrera eta jokatzeko modua lantzen da klasean) ikasketa trebetasunak lantzen dituzte, beste geletan landu ohi diren gaiak. Ikasle bakoitzaren premiei erantzun behar zaienez, material pertsonalizatua eta egokitua egin eta eduki behar da gelan, ume bakoitzaren ikaskuntza prozesuan eragin positiboa eduki ahal izateko.
Gela egonkorretan egoten diren umeak ohiko geletan ere egoten dira, gainerako ikasleekin harremana mantendu ahal izateko. Ohiko geletara joaten direnean zeregin pertsonalizatuak izaten dituzte sarritan, baina azpimarratu behar da zeregin pertsonalizatua egin arren geletako haurrekin harremana izatea oso garrantzitsua dela. "Gela Egonkorreko ikasleak ere eskolakoak dira, eta beste kideekin egoteko beharra eta eskubidea dute". Esaldi honekin islatu nahi da Hezkuntza Premia Berezi eta Larriak dituzten ikasleak ez direla ohiko gelako haurrengandik baztertu edo aldendu behar baizik eta integratu eta komunikazioa eta harremana garatu ohiko geletako umeekin.
Esan beharra dago, ohiko geletako erritmora iristen ez diren ikasleentzat Laguntza Gela dagoela, baina Gela Egonkorra Laguntza Gela baino bereziagoa da. Bertan, PT- a(Pedagogo Terapeutikoa) edo behar bereziak dituztenei laguntzeko espezialista eta hezitzailea egoten dira. Nire ustez, ikasle kopuru txikia, material egokitua eta pertsonalizatua izatea ikasle bakoitzarentzat eta espezialistak jardutea oso onuragarria da eta positiboa ikusten dut premia bereziak dituzten umeentzat. Integrazioan hezteko bide bezala ikusten dut. Izan ere, premia bereziko umeak beste behar batzuk dituzte eta horiek ase egin behar dira, baina askotan ohiko geletako plangintzarekin eta curriculumeam zehaztutakoarekin ez dira asetzen.
Horregatik, beharrezkoa ikusten dut Hezkuntza Premia Berezi eta Larriak dituzten umeentzat curriculumean egokitzapenak egiteaz gain Gela Egonkorretan egokitzapen horiek martxan jartzea ume hauen beharrak eta premiak betetzea lortu ahal izateko. Ohiko geletatik ateratzea ez du esan nahi inklusioari uko egitea, baizik eta ume hauen premia betetzea eta beraien garapena bultzatzea eta hobetzea esan nahi du. Gainera, eskolako ikasleak dira eta beste umeekiko harremana bultzatuko da, inklusioan hezi ahal izateko eta etorkizunean gizarteko kideak izango direnez, sozializazioan bizitzeko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario